Akordio honekin, pilota profesionalaren eskaintza indartuko da Atano III.ean 2026an
Pelota Pro Liga eta Donostia Kirola akordio batera iritsi dira 2026an Atano III.a pilotalekuan pilota profesionaleko partiden presentzia handitzeko. Aurkezpena otsailaren 25ean, asteazkenean, egin zen Atanon, eta bertan izan ziren Joserra Garai (Pelota Pro Ligako kontseilari delegatua), Inaxio Errandonea (Aspeko arduradun komertziala), Unai Iglesias (Baikoko arduradun komertziala) eta Iñaki Gabarain (Kirola eta Bizitza Osasungarriko zinegotzia).
Akordioak urtean gutxienez 10 jaialdi antolatzea bermatzen du, egutegi profesionaleko txapelketa nagusiei dagozkienak, eta Donostia Pilota planaren barruan kokatzen da. Donostia Kirolak duela hiru urtetik bultzatutako ekimena da, hirian pilotaren praktika eta proiekzioa sustatzeko eta Atano III.a esku pilotaren erreferenteetako bat izateko. “Historia eta zaletasunagatik dagokion lekura itzuli nahi dugu Donostia, Gipuzkoako pilotaren une bereziki gozoan gainera”, adierazi du Iñaki Gabarain Kiroletako eta Bizitza Osasungarriko zinegotziak.
Azpimarratzekoa da hitzarmen honen baitan Donostiako frontoiak hiru txapelketa profesionaletako (Binakakoa, Buruz burukoa eta Lau t’erdikoa) finalerdi bana hartuko duela.
Pelota Pro Ligak, bere ibilbidearen hasieran ezarritako helburuen ildotik, egutegi egonkor bat bermatu nahi du akordio honekin, beste neurri batzuekin batera pilota profesionala Donostiako zaleengana hurbilduko duena eta hirian eta lurralde osoan bere sustapena bultzatuko duena.
Egutegi bermatua
Konpromisoaren arabera, honako hauek egingo dira:
• Lau t’erdi txapelketako 2 jaialdi, finalerdietako partida bat barne.
• Binakako Txapelketako 6 jaialdi, gutxienez bat finalerdietako partida batekin.
• Buruz Buruko Txapelketako 2 jaialdi, finalerdietako partida bat barne.
Gazteen asistentzia sustatzeko neurriak
Hitzarmenak, gainera, haurrak jaialdietara sar daitezen errazteko ekimenak jasotzen ditu:
• Jaialdi bakoitzeko sarrera kopuru jakin bat erreserbatzea 14 urtetik beherakoentzat, heldu batek lagunduta, prezio murriztuan.
• Erreboteko doako sarrera kopuru jakin bat ematea Gipuzkoako pilota-eskolei, lurraldeko klubetako 14 urtetik beherakoentzat.
Zaletasun sendoa
Donostia Kirolak azken hiru urteetan programazioa bultzatzeko eta, ondorioz, publiko kopurua handitzeko egin dituen urratsak akordio honetan gorpuztu dira. 2025ean, kalkulatzen da 20.000 ikusle baino gehiago joan zirela Kirol Hiriko frontoietan egindako pilota ekitaldietara.
Iñaki Gabarainen hitzetan, “ekimen honekin Donostiak pilotarekin duen konpromisoa indartzen du, lehiaketa profesionalen egutegi egonkorra ziurtatuz eta Atano III.a zirkuitu profesionaleko erreferentziazko plaza gisa finkatuz”.