Buruz Buruko Txapelketa datorren ostiralean, apirilaren 3an, hasiko da Bastidan, eta Navarra Arenako final handiarekin amaituko da, maiatzaren 31n.
Nafarroa Arena frontoian jokatuko da datorren maiatzaren 31n Buruz Buruko Txapelketaren finala, azken aldiz bertan jokatu zenetik lau urtera. Gainera, honen aurretik, apirilaren 11ko asteburuan final-laurdenetako partida bat ere jokatuko da.
Hala iragarri du Kultura, Kirol eta Turismo kontseilari Rebeca Esnaolak, ostiral honetan Nafarroa Arenako 2026ko pilota egutegiaren aurkezpenean, Pelota Pro Ligaren kontseilari delegatu Joserra Garairekin batera. Ekitaldian, kontseilariak jakitera eman du, Foru Gobernuaren eta Pelota Pro Ligaren arteko lankidetzari esker, Arenako pilotalekuak orain arteko jarduera mailarik altuena lortuko duela, bederatzi jardunaldi ofizialekin. Horietatik lau finalak izango dira, eta inoiz baino gehiago izango dira, 2018an inauguratu zenetik.
Aurkezpenean, Esnaola kontseilariak “Nafarroa pilota lurraldea” dela gogorarazi nahi izan du, kirol hau “bere nortasunaren, kulturaren eta historiaren” parte den heinean. Ildo horretan, azaldu du Erkidegoan “kirol honetako erreferente nagusietako batzuk hazi” direla, eta eskualdean “zaletasun fidela, zorrotza eta grinatsua” dagoela, “pilota intentsitate bereziarekin bizi duena”.
Pelota Pro Ligatik, Joserra Garaik “Nafarroako Gobernuak frontoian esku pilota bultzatzeko duen konpromisoa” azpimarratu du, baita “Iruñeko eta Nafarroako ikusleen harrera bikaina” ere.
Hitzorduen egutegia
Nafarroa Arenak urtarrilaren 25ean hasi zuen 2026 urteko pilota denboraldia Binakako Txapelketako sailkapen ligako norgehiagoka batekin. Martxoaren 1ean, txapelketa bereko finalerdietako lehen jardunaldia jokatu zen frontoian. Martxoaren 29an finala jokatuko da, 3.000 ikusleren aurrean. Finala baino aste batzuk lehenago eserleku guztiak agortu ziren. San Fermin Torneoaren 4 1/2ko finalak zuriz eta gorriz jantziko ditu harmailak uztailaren 7an, hirugarren urtez jarraian, eta, gainera, San Ferminetako beste hitzordu bat hartuko du uztailaren 11n. Aurrerago, urriaren 2an eta 4an, Mastersaren azken fasearen txanda iritsiko da bi finalerdiekin eta finalarekin.