2025/11/04
Binakako 2026 Txapelketako partidak, musika, jokoak eta zozketak zaleen artean lau ostiraletan.
Amorebieta-Etxanok esku pilota profesionaleko lau jaialdi hartuko ditu abenduan hasi eta otsailera bitartean 4 ostiraletan, eta Binakako Txapelketako partidak jokatuko dituzte lau jaialdietan.
Aurkezpenean Ainhoa Salterain, Amorebieta-Etxanoko alkatesak eta Unai Iglesias, Baiko Pilotako arduradun komertzialak hartu dute parte. Unai Laso, Aitor Elordi, Ander Imaz, Erik Jaka, Xabier Rekalde eta Aimar Morgaetxebarria pilotariak ere izan dira Zelaieta Zentroan egindako aurkezpenean.
Lau ostiraletan, iluntzeko 20:45ean, musikarekin
Abenduaren 5ean, urtarrilaren 2an, otsailaren 6an eta otsailaren 20an, iluntzeko 20:45ean, antolatu dituzte lau pilota jaialdiak. Musikaz girotuta egongo dira, jokoak antolatuko dituzte eta kirol materiala zozketatuko dute bertara hurbiltzen diren zaleen artean.
Abonuak eta sarrerak
| LAU JAIALDIETARAKO ABONUA | JAIALDI BAKARRERAKO SARRERA |
| 90 eurotik aurrera | 20 eurotik aurrera |
Abonuak edo sarrerak entradasfronton web orrialdean eskuratu daitezke jadanik. Amorebieta-Etxanon ere erosi ahal izango dira Urtza Tabernan eta Venecia Kafetegian. Jaialdietako egunetan, txarteldegia zabalik egongo da Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroan ordubete lehenagotik.